XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina, goian aipatu horiez aparte, beste egile anonimo asko ziren tartean.

Batzuk partikular eginak eta osatuak ziren, eta besteak, sinagogan abesteko edo jauretxeko funtzio argienetan kantatzeko.

Mende askotako otoitz, eskari, arren, gogoeta eta aiene-minak biltzen dira hor.

Jesusek sarri abestu zituen.

Eta apostoluek eta gure lehen kristau haiek ez zuten eztabaida alferrikakorik egin, eta bertatik hartu zituzten 150 salmoak beren otoitzerako.

Eta psalterio deituko zioten, ez jotzeko ixtrumentuari, baizik salmo-sortadun liburuxka otoitzerakoari.

Filme dokumentala

Filme asko eta denetarikoak ateratzen dira gaur.

Dokumentalak ere bai, eta ez txarrenak.

Bizimodu askotaz, paraje bakoitzeko gorabehera eta bizitzeko taju eta molde ezberdinetaz, dokumentalak medio jakiten dugu gehienetan.

150 salmo hauetan ere, israeldarren bizitzako gorabehera eta pasadizo aunitz eta denetarikoak dauzkagu: batzuk jauretxekoak eta besteak gortekoak, penitentzialak edo eskerronetakoak, garaipen-kantak edo lamentazio trixteak, erromesaldikoak edo legea ausnartzekoak... denen lotura sinesmen eta debozioan datza.

Israeldar zintzo haien bizitzako dokumental ttikiak dira salmoak.

Igoal egingo dute kanta ekaitz gordinarekin edo jauretxeko jaierarekin edo Babiloniako desterrutik sentitzen duten urrutiminaren trixtura malinkoniazkoarekin.

Edozerk balio du barruko errespetoa edo pena, konfiantza edo etsipen latza, meditazioa edo protesta Jainkoari azaltzeko.

Hori bai, beti zentzu erlijiozko finenaren barruan eta, baita, bertso eta kantaren aldetik, altura eta dotorezia literario ongi zaindutako eta artetsu batez baliatuz.

Salmoetan nitaz idatzia

Salmorik konpletoena ere ez da naturala eta erabat sano betea, Jesukristoren sentimentu eta esperientziaren igurtzia jaso artean.

Otoitzik otoitzena, lamentaziorik aienezkoena, eskerrik onenaren kanta grazizkoena, barkazio-eskerik makurtuena... berdin dio, ez dira erabateko eta arraso beteak izango harik eta Jesusen esperientziaz puztu eta hanpatu artio.

Agudo jabetu zen Eliza gaztea horretaz: Moisesen legean, profeten liburuetan eta salmoetan nitaz idatzitako guztia bete beharrekoa zela (Lk. 24,44) gogoratzen die Jesus berbiztuak.

Salmo-kantaria

Salmoa abesteko da.

Goian ikusi dugu hori.

Abesten al da orain salmorik?

Bat, bai.

Mezatan, lehen irakurgaiaren ondoren: hantxe dauka Elizamak propio kokaturik salmo-kanta edo erantzun-salmoa.

Hau abesteko da, ez bestetarako.

David Salterioa edo arpa jotzen.

Lehenago graduala edo traktoa zen kanta, abeslari espezialdu eta zailduek abestu behar zutena, azken Kontzilioaren ostean, erantzun-salmotan berreskuratu dugu, errepika denok abesteko eta salmoaren mamia salmo-kantariari uzteko.

Hauxe da laikoek bete dezaketen zerbitzu ederrenetakoa: otoitza abestuz egin eta egiten lagundu.

Artista otoitzean

Ez da prexixo ahots potente eta zoli edo zorrotz horietakorik.

Jakin behar du abesten, hori bai; gustuz eta debozioz abesten, aise, erreztasunez, urduritasunik gabe, bakeoso-bakeoso, patxada emanez, otoitz eginez, bestela, kasu honetan, apenas balio duen.

Salmo-kantariak artista behar du otoitzean.

Artea bai, baina otoitza ere bai.

Beste solista-saio batzuk ondo datoz girotzeko, jendea animatzeko eta... hemen ez; salmo-kantariak abesteko artetsua behar du izan, baina fededuna ere bai.

Zertan dabilen ondo jakin behar du: otoitza egiten ari da salmoarekin.

Eta berak egiten ez badaki, ezin eragingo dio besteri.

Hauxe da ofizio berrietakoa, laikoek ikasi behar lutekena.

Entseiatu kantua eta entseia otoitza: kantuan nola egiten den otoitz.

Berak entzun behar du otoitza barruan abestu aurretik ia.

Errez egiten da, egia, gustura egiten da, hitzaren sakonari doinuaren bozak laguntzen diolarik.

Eta ahotsak errejistro eta trikimailu asko ditu nahi dituen sentimentuak adierazteko.